XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Melissa birus informatikoak milaka ordenadore kutsatu ditu

Posta elektronikoaren bidez izugarri azkar zabaltzen ari da EEBBetan eta Europan

Melissa birus informatikoak 100.000 ordenadore baino gehiago kutsatu ditu Estatu Batuetan.

Europara ere iritsi da eta litekeena da mundu osoan zabaltzea, oso azkar hedatzen baita.

Birusak posta elektronikoa erabiltzen du, lagun batek bidalitako mezu garrantzitsu baten itxurapean.

Mezuan pornografiaz betetako dokumentuak daude, Erabiltzaileak hauek irakurtzerakoan, bere posta zerrendako beste 50 helbideetara berehala pasatzen du birusa.

Adituak kezkatuta daude hain erraz zabaltzen delako.

Miloika ordenadore erabiltzailek kontu handiz ireki zituzten atzo beren postontzi elektronikoak, Melissa izeneko birusaren erasoaren beldur.

Birus zibernetiko irribartsu honek enpresa handien sistemak kutsatu ditu mundu osoan zehar eta kalte informatikoak eragin ditu astelehenetik, ordenadoreen erabiltzaileek lanera itzuli zirenetik.

Besteak beste, Intelek munduko mikroprozesadore egilerik handiena, Lucent telekomunikazio enpresak eta Charles Schwab finanziatzaileak bere sistemak asteburuan zehar kutsatu zizkietela ikusi zuten.

Erabiltzailea erakartzeko asmoz, Melissa posta elektronikoan pertsona ezagun batek bidalitako mezuaren itxurarekin agertzen da, mezu garrantzitsua dioen esaldia eta aurpegi irribartsu baten marrazkitxoarekin batera.

Mezuak erantsitako dokumentua dakar Microsoft Word formatoan.

Irekitzerakoan, Interneteko pornografia orriez beterik agertzen da.

Erabiltzaileak informazioa irakurtzen duen bitartean, birusa bere disko gogorrean kokatzen da izugarrizko abiaduraz.

Berehala, postako zerrendan dauden lehenengo 50 izenei mezu bera bidaltzen die.

Jeff Carpenter Pentagonoko Konputagailuen Larrialdiei Erantzuteko Taldeko eledunak dioenez, jendeak, lanera doanean eta mezu hau irekitzen duenean, erakunde ugari kaltetu ditzake.

Teknikoen arabera, Melissa birus makroa da, hau da, ordenadore pertsonalean kopiatuz gero, bere kabuz zenbait operazio burutzen ditu.

Kutsadura ekiditeko modu bakarra erantsitako dokumentua ez irekitzea da.

Jimmy Kuo Network Associates enpresako birus-ikertzaileak azaldu zuenez, hedatzeko ahalmen eta azkartasunean birus honek marka guztiak hautsi ditu.

Carpenterren iritziz, berriz, Melissak ez ditu ordenadoreak kaltetu, baina komunikazio informatikoko sareak azkarregi betetzen ditu eta posta elektronikoa traba dezake.

Birusa edo publizitatea

Dirudienez, birusa lotan gelditzen da ordenadorean besteak kutsatu ondoren.

Kaltegarria baina ugalkorra denez, teknikoen artean ez dago adostasunik benetako birusa edo kontrolik gabeko publizitate trikimailua den esateko.

Eugene H. Spafford, Purdue Unibertsitateko Informatika Ikerketa Zentroko zuzendariaren ustez, Melissa eskatu gabeko publizitate informatikoa egiteko bide gogaigarria da.

Sortu zuenak agian helburu ekonomikoa zuen eta helbideen zerrenda ahalik eta azkarren eta urrunen zabaltzea nahi zuen.

Amua, eskaintzen den pornografia da.

Ostiaralean Interneteko sexuari buruzko eztabaida-talde bati mezu bat bidali ondoren agertu zen Melissa sareetan.

Mezu hartan helbide pornografikoen zerrenda bera agertzen zen.

Spanffordek azaldu duenez, mezuak daraman zama suntsigarria izan liteke, eta ordu edo hilabete gutxi igaro baino lehen hedatzeko sistema bera erabiltzen duen beste zerbait okerragoa, ikus dezakegu.

Melissa ezagutu zuen lehen pertsonetariko bat Iparraldeko Dakota estatuko gobernadorearen emaztea izan zen.

Bere lagun batek bidali omen zion mezu garrantzitsua ireki zuenean, harriturik geratu zen.

Helbide pornografikoak bakarrik ziren eta niri pertsonalki bidaltzen zizkidaten. Baina harridura are handiagoa izan zen, nire posta elektronikoko zerrendako lehenengo 50 pertsonek elizako artzain eta bisitariak barne nire ordenadoretik pornografiaz betetako dokumentu bera jaso zutela jakin nuenean.

100.000 ordenadore inguruk jasan dute Estatu Batuetan birusaren erasoa, Carnegie Mellon Unibertsitateko Konputagailuen Larrialdietarako Erantzun Taldearen (CERT) arabera.

Estatuko Defentsa Sailak ordaintzen du talde hau, informatika sistemak babesteko lan egiteko.

Melissa hedatzeko azkartasunak posta sareak gainezka utzi zituen, eta Interneteko erabiltzaile askoren operazioak eten zituen.

Dudarik gabe, mehatxu garrantzitsua da, onartu zuen FBIko Michael Vatisek

CERT taldearen arabera, astelehen gauean birusak Interneteko 250 orri eta 110.000 ordenadore kutsatu zituen.

Guretzat traba handia izan da, esan zuen Lockheed enpresako informatika arduradunak, Elaine Hindsalekenek.

Halaber, CERTek Merril Lyncek, PaineWebberrek, Microsoftek, Intel, Compaqek, Ipar Dakotako estatuko Gobernuak, EEBBetako Energia Sailak, Indianako Unibertsitateak, eta Variety aldizkariak jasan zuten Melissaren eragina.

Baina Estatu Batuetatik mundu osora berehala zabaldu da birusa.

Astelehenean Alemanian aurkitu zuten.

Nazioarteko negozioak egiten dituen enpresa handi bat eraso zuen, adierazi zuen Frank Felzman Informazio Tekniko eta Segurtasun Bulegoko kideak.

Birus informatikoetan aditu honek ez zuen enpresa handi horren izena eman nahi izan.